Jantokia

JANTOKIA

  1. 2018/2019 ikasturtean, JANTOKI Batzordea berritu behar dugu (zerbitzu horretan sor daitezkeen arazo espezifikoak kudeatzen ditu taldeak). Parte hartu nahi duzuenok, jarri harremanetan GURASO ELKARTEArekin. Gu, berez, abiarazi nahi dituzuen ekimenen ordezkariak besterik ez gara: saiatzen gara bitartekari-lanak egiten, umeek ikastetxean —eta jantokian— ematen duten denbora ahalik eta onena izan dadin (bai haientzat, baita monitoreentzat ere).
  2. Abiapuntua da jantokia erabiltzen duten familien, arduradunen eta monitoreen arteko harremanak hobetzea. Arazorik baduzue, Soniarengana jo dezakezue: goizero egoten da ikastetxean, Zuzendaritza eta Idazkaritza inguruan.
  3. Familia erabiltzaileen, ikastetxearen eta jantokiaren kudeatzaileen eskubide eta betebeharrei buruzko zirkularra egiten ahaleginduko gara. Arau-hausteek edo arazoek eragin ditzaketen zehapenak ere jasoko ditugu idatzi horretan.

«GURE PLATERA, GURE AUKERA» EKIMENA

Saiatuko gara «Gure Platera, Gure Aukera» ekimena abiarazten. Jantokiaren kudeaketan aldaketa batzuk egiten hastea da kontua, eta, horretarako, lantaldea eratu behar da. Prozesua luzea da, eta lana eskatzen du; baina, hura martxan dagoen eskolei begiratuz gero, argi dago merezi duela.

Eskola-komunitateetan, lehen sektorean eta gizartean sortutako ekimena da «GURE PLATERA, GURE AUKERA». Helburua: eskola-jantokien gaur egungo kudeaketa-sistema aldatzea.  Izan ere, 2000ko araudi batek dio EAEko ikastetxe publiko guztiek kudeaketa-eredu bakarrari jarraitu behar diotela, «zuzeneko kudeaketa» izeneko horri, hain zuzen ere. Eredu horrek dakar catering zerbitzua kontratatu beharra, zeina, apurka-apurka, ikastetxean bertan kozinatutakoaren lekua hartzen joan baita.

Prozesu hura latza izan zen hainbat eskola-sukalderentzat, eta, neurri handi batean, haurren elikaduraren gaineko kontrola galtzea ekarri zuen (itxura batean, horretarako beharrik ez zegoen arren). Horrela, bada, egun batetik bestera, bat-batean, eten egin ziren harremanak harategiarekin, azokarekin, okindegiarekin, portuko arrantzaleekin, baserritarrekin… Enpresak hartu zituen bere gain erosketak eta prozesu osoa.

Eta, gaur egun, zera galdetzen diogu geure buruari: zer jaten dute gure seme-alabek? Jatetxeei zerbitzu ematen dieten enpresek menuen berri ematen diete familiei —baita jakien nutrizio-baloreak adierazi ere—, baina ez dira hain gardenak janariaren jatorriari, edota haren kalitateari buruzko argibideak ematerakoan.

Eskola-jantoki OSASUNTSUAGOAK, HURBILAGOKOAK eta BIDEZKOAGOAK aldarrikatzen ditugu ekimenaren parte garen kolektibook. Horretarako, aldaketak ere proposatzen ditugu, jantokiak eremu integralak eta integratzaileak izan daitezen, ez bakarrik «jaten emateko» zerbitzua. Aldaketekin batera, baina, landa-eremu biziaren aldeko politikak ere bultzatu behar dira, sektoreari bide egiten laguntzeko.

Jantokiek beren balio pedagogikoa berreskuratzea nahi dugu, eta gure seme-alaben elikadurak bat egitea gure ingurune eta kulturarekin. Lekutatik ekarritako jakiak ekidin nahi ditugu, alegia, gure plateretara iritsi aurretik distantzia handia egiten duten horiek (horrek ondorio larriak eragiten baitizkie ingurumenari, gizarteari eta ekonomiari).

Hori guztia dela eta, jantokien inguruko aldarrikapenen topagune da «GURE PLATERA, GURE AUKERA» ekimena.

http://www.gureplateragureaukera.eus

Argibide gehiago, hemen: