Ongi etorri Gaztelu Ederraren webgunera. Basozelai-Gaztelu HLHIko Guraso Elkartea gara.
Zer dira, baina, guraso-elkarteak? Zergatik da garrantzitsua kide izatea?
Zer da guraso-elkarte bat?
Irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira ikasleen guraso-elkarteak (IGE). Ikastetxe batean haurrak matrikulatuta dituzten guraso guztiek eman dezakete izena bertan. Era berean, eskolaren funtzionamenduan eragile garrantzitsua da IGEa: familiek bertako jardueretan parte hartzeko bideetako bat da. Besteak beste, honako helburu hauek ditu IGEk:
- Ikasleen gurasoen interesak babestea.
- Ikasleen gurasoei aholkua, orientabidea eta laguntza ematea, seme-alaben eskubideak ahalik eta hoberen defendatzeko eta haien betebeharrak ahalik eta hoberen betetzeko.
- Agintari arduradunek hezkuntza eta ikastetxea bera etengabe hobetzeko neurriak har ditzatela sustatzea.
- Ikasleen gurasoen ordezkari izatea, alegia, haien ahotsa izatea administrazio publikoetan.
- Gurasoen eta irakasleen arteko harremanak eta koordinazioa bultzatzea.
- Gurasoentzako zein ikasleentzako prestakuntza-jarduerak garatzea: ikastaroak; hitzaldiak; hezkuntza-, kultura-, kirol- eta jolas-jarduerak; eta abar.
Zergatik eman izena IGEn?
Basozelai-Gaztelu HLHIko gurasoak biltzen ditu Gaztelu Ederrak. Izan ere, oso garrantzitsua da ikastetxearen egunerokoan eta erabakietan parte hartzea eta gure eskubideak egikaritzea. Elkartzeak aukera ematen digu iritziak eta bizipenak partekatzeko, eztabaidatzeko, proposamenak egiteko, jarduerak antolatzeko eta, finean, taldean funtzionatzeko.
- IGEko kideak boluntarioak dira, eta musutruk egiten dute lan. Haurrak ikastetxean dauden bitartean ari daitezke haren gurasoak IGEn.
- Hauexek dira kideen eskubideak:
- IGEren asanbladetan botoa eta boza dute.
- Zuzendaritza-karguetarako hautatuak izan daitezke.
- Gobernu-organoei IGEk antolatutako jarduerak eta kexak aurkezten dizkiete, idatziz.
- Honako baliabide ekonomiko hauek ditugu:
- Kideen kuotak.
- Erakunde publikoen, probintzia- eta toki-erakundeen, eta erakunde pribatuen nahiz partikularren dohaintzak eta diru-laguntzak.
- Gure jardueretatik jaso ditzakegun diru-sarrerak.
- Zilegi den beste edozein baliabide (Gabonetako loteria saltzea…).
- Honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu IGEk:
- Guraso guztientzako arreta: ikastetxearekin dituzte arazoak entzutea; beren eskaerei erantzutea; eskaera horiek helaraztea gobernu-organoei…
- Sustatzea gurasoek parte hartzea eskola-kontseiluetarako hauteskundeetan, IGEren asanbladetan eta guraso-elkartearen jardueretan.
- Gurasoei argibideak eta orientabidea ematea ikastetxearen funtzionamenduari buruz, jantokiari buruz, testu-liburuak eskuratzeari buruz, goiztiarren zerbitzuari buruz…
- Prestakuntza-izaera duten eskolaz kanpoko jarduerak (ikastaroak; hitzaldiak; hezkuntza-, kultura-, kirol- eta jolas-jarduerak; eta abar) eta jarduera soziokulturalak (Olentzeroren jaia, ikasturte amaierako jaia…) antolatzea.
- Ikastetxeak proposatutako jarduera osagarrietan laguntzea.
- Gure seme-alaben prestakuntza hobeto garatzen lagunduko duen materiala eta baliabideak eskuratzen laguntzea.
Animatu eta parte hartu guraso-elkartean! Gure seme-alabak hazten eta hezten dituen tokia hobetzen lagunduko duzue! Zenbat eta gehiago izan, ozenago entzungo gaituzte eta gauza gehiago lortuko ditugu!
EGIN ZAITEZ KIDE! PARTE HARTU IKASTETXEKO GURASO-ELKARTEAN!
Zuzendaritza Batzordea